Jesuitinas Bilbao
Colegio La Inmaculada
Jesuitinas Bilbaowww.jesuitinasbilbao.es

Santa Cándida

Candida Maria Jesusena

 

Haurtzaro apala eta alaia

 

 

Andoainen (Gipuzkoan) jaio zen 1845eko maiatzaren 31n, Berrozpe baserrian. Egun berean bataiatu eta Juana Josefa izena ipini zioten.

 

Maitasun-giroan hazi zen familian. Eta giro horretan ikasi zuen ingurukoak maitatzen eta ingurukoei laguntzen, baita Jainkoa eta Ama Birjina ezagutzen eta maitatzen ere.

 

Egoera ekonomiko estuak bultzatuta, Tolosara joan behar izan zuten gurasoek bizitzera, 1852an-edo. Han, gurasoek ehundegian lan egiten zuten bitartean, ahizpa txikiak zaintzen zituen Joanitatxok.

 

Gaztetxotan, adin bereko beste neskatxek bezala, ezkontzeko eskaintzak izan zituen. Baina sumatzen zuen ez zela hori bere bidea. Hitz sendo eta gozoz erantzun zien gurasoei; hauek ere begi onez ikusten baitzuten eskaintzetako bat: "Ni... Jainkoarentzat bakarrik". 

 

 

Gazte adoretsua eta solidarioa

 

 

Burgosko hirian zen 1863an, ia 18 urte zituela, Sabater jaun-andreen etxean neskame.

   

Etxe honetan, errespetatua eta maitatua da. Begien bistan dute haren lanerako gogoa, zintzotasuna eta pazientzia; baita haren bizitza espiritual sakona ere.

  

Ez du erraza izango bizitzako aldi hau. Aldarte onean eramango du eta kementsu egingo dio aurre.

 

Juanak Josefak hurbiletik bizi du pobreziaren errealitate mingarria eta kristau espirituaz ahalegintzen da inguratzen zaizkion behartsuak hartzen, hurbiltasunez eta abegi onez.

  

Nolako kristau gizatasunaz eta nolako sentiberatasunaz aurre egiten zien besteen gabeziei, haren hitz batzuek erakusten digute. Izan ere, behartsu asko inguratzen omen zen etxe hartara eta bertakoek, nonbait, trabaz eta protestaz hartzen. Orduan, Juanak: "Behartsuentzat tokirik ez dagoen etxean, niretzat ere ez dago".

   

Jainkoaren deiari erantzun eskuzabala

 

 

Garai hartako iraultza-istiluak zirela-eta, Valladolid-era joan behar izan zuen Sabater familiak. Haiekin batera joan zen Juana Josefa ere.

  

Kezka bat dabil Juana Josefaren bihotzean gero eta maizago: neskatilek, neska gazteek eragina; izan ere, hain dago utzia horien giza eta kristau heziera XIX. mendearen erdialdean, Espainiako gizarte asaldatu hartan, eta batez ere ondasun ekonomiko askorik gabeetan. Ai, berak gabezia horiei erantzun ahal izango balie...

 

 

Horren harira jaioko da kongregazio berri bat Elizan: Jesusen Alabena; hauek Jauna zerbitzatzea izango dute helburu, umeen eta gazteen kristau hezieran lan eginez.

 

 

Juana Josefak ondo aski daki bere mugen berri. Baina oinarri sendoa du bere fede-bizitzak: erabateko ustea du Jainkoarengan. Hala islatzen da bere esaldi batean. Behin eta berriz erabiliko du gutunetan eta ohar espiritualetan: "Bakarrik, ezer ez... Baina, Jainkoaren laguntzaz, dena dezaket".

  

Nahia, errealitate bihurtu

 

  

Salamancan sortzen du kongregazioa. Juana Josefa, berriz, Candida Maria Jesusena izango aurrerantzean izenez.

 

Hori 1871ko abenduaren 8an gertatu zen, Sortzez Garbiaren jai-egunean. Debozio handia zion Ama Birjinari, eta honen babesean ipini zuen kongregazioa; hain zuen maitea. Andre Mari izango da, betiko, "Kongregazioaren bidegurutzeetan Izarra".

 

Hasieran behar bezalako prestakuntza jaso ondoren, ama Candidak eta lagunek lehen ikastetxea zabaltzen dute. Zer-nolako gogoa eta kezka zuen ikusteko, oso da esanguratsua esaldi bat, haren gutun batzuetan irakur dezakeguna: "Nire poza da gure ikastetxeetara neska asko etortzea, kristau eran hezi ditzagun".

 

 

Neskak eskolan etxean bezala egotea nahi du: gozo eta abegitsu hartuak izan daitezela; gogor egin behar zaie bai, baina esku amultsuaz eta pazientziaz... Alaitasuna izan dadila ikastetxeko giro nagusia: "Gureek beti (ikas)metodorik alaienak erabiliko dituzte".

 

Beren eskolek Jesus izango dute erdigune, bai izaerari eta bai egiteari dagokienez; eta Maria izango da, beraietan hezten direnentzat, bizitzako eredu eta babesle. Ama Candidaren nahia da ikasleak osotasunean haz daitezela: giza ahalmen eta trebetasunetan ez ezik, kristau izatean ere haztea.

  

Hasierako hazia hazten

 

  

Jesusen Alabek Salamancan bertan izan zuten lehen ikastetxea. Gero, beste batzuk sortu zituzten han eta hemen: Peñaranda de Bracamonte, Arévalo, Segovia, Medina del Campo, Tolosan...

 

Ama Candida emakume xumea eta kementsua da, apala eta adoretsua, Jainkoari emana eta horregatik besteri laguntzeko prest dagoena, bizitzaren hasieratik gizaki eta kristau has daitezen.

 

Haren gogoak ez du mugarik: "Mundua txikia da nire asmoentzat", esan ohi zuen.

 

 

Brasilera doa, 1911n, Jesusen Alabez osatutako lehen talde bat. Bigarren talde batek jarraituko dio 1912an, beste ikastetxe baterako.  Hala daramate latinoamerikar kontinentera, hain zuzen, ama Candidak bere alabei utzitako ondarea: heziera ebanjelioaren arabera gauzatzeko era.

 

Salamancan hil zen, 1912ko abuztuaren 9an.

 

Elizak haren bertuteen goi-maila aitortu du. Beata egin zuen 1996ko maiatzaren 12an, eta santa 2010eko urriaren 17an, Erroman.

   

GOGOAN HARTZEKO DATAK

 

  • 1845: maiatzak 31. Andoainen jaio (Gipuzkoan), BERROZPE baserrian.
  • 1869: apirilak 2. Valladoliden, kongregazioa sortzeko inspirazioa.
  • 1871: abenduak 8. Jesusen Alaben Kongregazioa sortu Salamancan.
  • 1874: urtarrilak 1. Lehen eskola zabaldu, Salamancan. 
  • Bata bestearen atzetik sortzen ditu eskolak Tolosa, Segovia, Medina del Campon...
  • 1901: uztailak 30. Elizak Kongregazioa onetsi.
  • 1911: urriak 3. Brasilera irten bost Jesusen Alaba.
  • 1912: abuztuak 9. Salamancan hil.
  • 1996: maiatzak 12. Beata egin.
  • 2010: urriak 17. Santa egin. 

 

Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.

IHS

La Inmaculada Hijas de Jesús

Zabalbide kalea 141
Tel - 94 445 42 00
Emaila - secretaria@inmaculadabi.org